Abantail Eguna: urtez urte, talde-nortasuna indartzen
Ohitura onei eutsiz, aurten ere Abantail Eguna ospatu dugu. Urtero gustura errepikatzen dugun hitzordua da, egunerokotasunetik ateratzeko, lankideekin beste giro batean elkartzeko eta elkarrekin une onak partekatzeko aukera ematen digulako.
Abantailen, talde-lana gure egunerokoaren parte da. Proiektuak, erronkak eta helburuak partekatzen ditugu, baina uste dugu garrantzitsua dela ohiko lan-ingurunetik kanpo ere elkartzeko tarteak izatea: elkar hobeto ezagutzeko, harremanak sendotzeko eta gure talde-nortasuna elkarrekin eraikitzen jarraitzeko.
Aurten, zuhaitz artean
Abantail Eguna bakoitzean jarduera desberdin batez gozatzen saiatzen gara eta, aurten, pixka bat gora egitea erabaki dugu: zuhaitz artean tximinoarena egiten ibili gara.
Oreka, trebetasuna eta, une batzuetan, ausardia ere proban jarri dituen esperientzia izan da. Bakoitza bere erritmoan eta bere erara, baina betiere besteen animoak eta laguntza gertu izanda, barre artean eta une dibertigarriez gozatuz.
Eta amaitzeko, mahaiaren bueltan
Jardueraren ondoren, mahaiaren bueltan eman diogu amaiera egunari. Bazkariaz gozatzeko, goizeko pasadizoak komentatzeko eta solasean eta barre artean jarraitzeko une ederra izan da.
Abantail Eguna urtez urte mantendu nahi dugun hitzordu horietako bat da. Izan ere, eguneroko lana partekatzeaz gain, taldea egitea ere elkarrekin hazteko dugun moduaren parte da.
Eskerrik asko talde osoari, beste urte batez, Abantail Eguna egun berezi bihurtzeagatik.