Euskara ulertzen duten hiztunen arteko hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala da Euskaraldia.
Gizartearen gune guztietara zabaldua eta denborari dagokionez mugatua. Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da. 2020an, azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo dugu ariketa eta aurten, norbanako bezala (ahobizi edo belarriprest izanez), parte hartzeko aukeraz gain, taldean parte hartzeko aukera ere izango dugu arigune–en bidez Abantailen.
2018an egin zen lehen aldiz ariketa, Euskaraldia: 11 egun euskaraz; orduan norbanakoengan jarri zen fokua eta milaka izan ziren hizkuntza ohiturak aldatzeko helburuarekin ahobizi eta belarriprest moduan ariketan parte hartu zutenak.
2020an burutuko da bigarren edizioa, eta, oraingoan, entitateei ere ariketan parte hartzeko gonbidapena egin zaigu, euren eremuetan hizkuntza ohiturak aldatzeko urratsak ematen has daitezen, eta entitateko kideen parte-hartzea sustatu eta babestu dezaten.
Beste era batera esanda, Euskaraldiaren helburua da gure hizkuntza ohiturak aldatuz euskararen erabilera handitzea, gutxieneko baldintza euskara ulertzea izanik. Bereziki ariketa edo praktika kolektibo bat da. Ariketa horretan maila pertsonalean edota kolektiboan parte hartu ahal izango da.
Euskaraldia ondoko helburuekin sortu da:
- Hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea, euskarazko hizkuntza praktikak hedatzeko.
- Norberaren hizkuntza portaera eta ohituren inguruan gogoeta eragin eta aldaketan lagungarri izatea.
- Inertziak apurtzea.
- Gizartean eragina duten era guztietako entitateek hizkuntza ohitura aldaketan babes neurriak hartzea.
- Gizarte aktibazioa, ariketa kolektibo baten bidez.
- Herriz herriko euskaltzaleen artikulazioa bultzatzea.
- Euskararen aldeko eragileak ekimen bateratu baten bueltan antolatzea.